Ekologia
Haeckel
biologo alemaniarrak erabili zuen lehenengoz termino hau XIX. mendean. Izaki
bizidunen banaketa, ugaritasuna eta bizi baldintzak (ekosistema) biltzen zituen
kontzeptuak, eta zientzia guztiak bezala deskriptiboa zen. Garapen azkarra izan
zuen kontzeptuak eta ehun urteren buruan, ekologia ekologismo bilakatu zen. Hau
da, zientzia deskribatzaile huts izatetik galerari erantzun beharra bere baitan
jasotzera pasatu zen.
Garai
bertsuan, ekologiatik ekologismorako saltoa egin zenean, alegia,
Hizkuntza-ekologiaz hitz egiten hasi zen Haugen hizkuntzalaria XX. mendearen
amaiera aldera. Berak hitzez hitz hartu zituen ekologiaren funtsak
hizkuntza-ekologiara ekartzeko eta hizkuntza bere testuinguruan, bere
ekosisteman aztertzen hasi zen.
Praktika
ekologikoak inguruneak babesteko edo sustatzeko neurriak hartzen ditu. Giza
garapen eredua kolokan jartzen du eta alternatibak proposatzen ditu. Horrek
guztiak bakoitzarengan du eragina, behar orokorra norbanakoaren gainetik
jartzen baita. Norbanakoaren praktikak mundu mailako testuinguruan du zentzua
eta alderantziz.
Gaur egun,
iraunkortasunaz hitz egiten denean hiru parametro hartzen dira kontuan;
ekonomia, ingurumena eta giza garapena. Ikuspegi globala da, hirurak uztartuta
hartzen dituena. Eta gizartearen garapen horretan, hain zuzen ere, dauka bere
lekua kultura aniztasuna babestu beharrak. Tokian tokikoa babestu,
homogeneizazioaren aurrean, aniztasunaren balioa, identitatearen balioa
aldarrikatu.
Ekologismorako
saltoan bi ideia nabarmentzen dira: alde batetik garrantzia handia hartzen du
iraunkortasunaren ideiak, denboran irauteak, hurrengo belaunaldiari zer uzten
zaion. Momentuko interesen gainetik ondorengo belaunaldia gailentzen da. Eta
beste aldetik, norbanakoaren praktikak mundu mailako egitura izan dezakeela
planteatzen da, hau da, norberaren jokabideak eragina duela mundu mailan eta
alderantziz ere bai.
Hizkuntza-ekologia
Zer da
hizkuntza-ekologia? Zientzia bat da ekologia bezala, eta hizkuntza du aztergai,
bi bidetatik batez ere; hizkuntza bere testuinguruan, bere ekosisteman, bere
hiztun komunitatean, hurrengo belaunaldiari begira alde batetik, eta bestetik,
hizkuntzak ukipen egoeran, hau da, hizkuntzen arteko harremanen bidetik. Zientzia
denez, fenomenoak deskribatzen ditu, baina ez da nahikoa, hori
hizkuntzalaritzak egin izan baitu lehendik ere. Hizkuntza-ekologiaren ekarpena
balio etikoak gehitzea da:
-
Aniztasunaren balio unibertsala: gai honen inguruan eztabaidak egon diren
arren, oro har onartuta dago berezko balio duela.
- Berdintasunaren printzipioa: Egoera ezberdinean
dauden hizkuntzak berdin tratatzea ez da berdintasuna, bidegabekeria da. Beraz,
zilegi da hizkuntza gutxituen aldeko neurriak hartzea, ekitatea lortu behar da.
Horrek guztiak hizkuntza hegemonikoetako
hiztunei ere
eragiten die, ekologiak bezala. Ideia hau oso garrantzitsua dela esan eta asko
azpimarratu zuen Belenek.
Hala ere,
deskripzioan ezin gara gelditu, ekin egin behar da, eta horretan asko dugu
ikasteko ekologismotik. Orain artean ere ekin izan da, Belenek ez dio orain
arteko soziolinguistikari baliorik kentzen, baina hizkuntza-ekologiak beste
balio erantsi bat ematen dio, mundu mailan, hizkuntza gutxituen komunitatean
eta norbanakoen mailan eragiteko.
Zer da
ekosistema hizkuntzaren kasuan? Hau da, zein elementu dira, denak bilduta,
hizkuntzak irautea eragiten dutenak?
- Babes
ofiziala: oso garrantzitsua da baina ez du politikatik bakarrik ikusten babes
ofizial hori, baita ere hedabide, hizkuntza, industria…
- Estatusa;
Hemen ere politikak baino gizarteak berak hizkuntzari ematen dion estatusari
buruz ari da, esparru ekonomikoan, prestigio mailan…
-
Demografia: Hiztun kopurua bai, baina batez ere kopuru hori non kokatzen den,
zein eremu geografikotan, immigranteak edo emigranteak dauden…
Horiek
guztiek osatzen dute gutxienik hizkuntzaren ekosistema, faktore horien baturak
ekosistema bat irudikatuko du Euskal Herri mailan; baina maila mikroagora
jaisten bagara beste baldintza batzuetan dauden ekosistemak aurkituko ditugu:
herri euskaldunetan, hain euskaldunak ez diren eskualdeetan…
Belenen
arabera, bioaniztasunaren galeraren inguruan gizartean dagoen sentsibilizazioa
handia da, hizkuntzen galeraren aurrean dagoena aldiz, hutsa. Hizkuntzak inoiz
baino azkarrago ari dira galtzen, aditu batzuen arabera XXI. mendean gaur
egungo hizkuntzen %90 ere galduko dira. Bioaniztasuna galtzea larria da, eta
aldiz kultura eta hizkuntza galtzea ez? Nola liteke hori?
Nola eragin?
Belenek
Mikel Zalbide aipatu zuen, hark esaten omen du galdera egokiak egitea
funtsezkoa dela eta galdera egoki bat izan litekeela: “Zein neurrik ziurtatzen
du ongien ahuldutako hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa?
Hor berriro
ageri da hurrengo belaunaldiari euskara uztearen garrantzia, belaunez belaun
transmititu izan baita orain arte. Hala ere, gaur egun badira beste modu batzuk
ere hori lortzeko, transmisio horizontala esaterako, sozializazioaren bidezko
transmisioa, eskolaren bidezkoa… Euskara etxetik jaso ez dutenak asko dira eta,
gaur egun.
Hori horrela izanda, eragiterako orduan badira
printzipio garrantzitsu batzuk kontuan hartu beharrekoak; aurrez aipatutako
aniztasunaren balio unibertsalaz eta berdintasunaren printzipioaz gain, Belenek
garrantzia handia ematen dio subsidiaritate printzipioari; alegia, hizkuntza
gutxituak egin dezakeena ez dezala egin kanpoko hizkuntza batek edo hizkuntza
handiago batek. Eta horrekin batera gizarte erantzukizunaren kontzeptua
aipatzen du, beren ustez bada garaia erakunde pribatuak
ere jabetu
daitezen beraiek ere badutela erantzukizuna gizarte mailan eta zentzu horretan
eragiten has daitezen.
Hizkuntza-ekologiaren
aplikagarritasunari begiratuta, hiru arlotan ikusten du garbi-garbi:
- Herri
Administrazioan: hizkuntzen plangintza egiterako orduan, bai lurralde osoan
baina baita herriz herriko plangintzetan ere.
- Gizarte
eragileen artean: kultura, hezkuntza…
-
Norbanakoaren ikuspegitik: Bakoitzak aztertu dezala bere ibilbide linguistikoa,
zenbat hizkuntza erabiltzen ditugu eta zein da bakoitzari ematen diogun
funtzioa (subsidiaritate printzipioarekin lotuta).
Bukaerara
iritsita hitzaldia biribiltzeko, beretzat azpimarragarrienak ziren ideiak
laburbildu zituen:
-
Iraunkortasuna: hurrengo belaunaldiei utzi behar zaie guk daukaguna.
-
Aniztasunaren balio unibertsala; ideia hau zabaldu eta garatu behar da.
-
Berdintasunaren printzipioa; oso sendoa neurriak hartu ahal izateko.
-
Ekologiaren diskurtsoaren aprobetxamendua.
-
Subsidiaritate printzipioa; oso eraginkorra gauzak aldatzeko.
-
Militantzia eta ekintzailetasuna.
-
Norbanakoaren portaeran mundu mailan eragina duela jabetzea.
Orain arte
egindako guztiak gutxietsi gabe, Belenen iritziz aurrerantzean
hizkuntza-ekologiak balio erantsi bat eta printzipio aprobetxagarri asko ekarri
liezaioke hemendik aurrerako hizkuntza plangintzari. Izan ere, bakoitzak
arrazoi eta motibazio diferenteak izan litzake euskara ikasteko, baina denon
artean euskara hurrengo belaunaldiei pasatzea lortu behar dugu.
Belen Urangak Ekologia eta hizkuntza-ekologiaren artikulua
No hay comentarios:
Publicar un comentario