Gugan bego Imanol Urbieta. Gugan baitaude Mac Mikel eta
Ranroberra eta Txiki, txiki, txikia eta Astoa ikusi nuen eta Behin betiko eta
Jon Braun eta Txoria nintzela eta Kalera kalera... Eta zutik jarri zara, eta
besoak gora, uztaia gora-gora lurretik zerura. Eta irribarre bat gelditu zaizu
ezpainetan, gozamena gorputzean. Jira alde batera eta gero bestera ta behera,
behera, behera, ta behera, behera bai, uztai barruan preso gelditu naiz orain.
Imanol Urbieta esan, eta askatasun ahaire batek ukitu zaitu, hunkitu.
Haurtzaroa territorio libre balitz bezala gogoratu duzu bat-batean, asko maite
zaitut nik.
Artista bat izan da Imanol Urbieta, musikari, sortzaile eta
irakaslea. Maisua. Alaken, ala pikula tunbaire... xume bezain elegante, xinple
bezain aberats, tinko, gozagarri bezain inteligente, koherente eta
konprometitu. Haurrekin, haurrengan pentsatuz, haurrentzat egin du lan,
maitasun handiz, sormen ikaragarriz. Errespendula pikula tunda...
Engaiamenduak eraman zuen irakaskuntzara Imanol Urbieta
(Zarautz, 1934). 60ko hamarkadan aurrezki kutxako lana utzi eta Salbatore
Mitxelena ikastolan hasi zen eskolak ematen, Frantziskotarrek utzitako
lokaletan eta garajeetan. Frankismo betean, euskaraz eta pedagogia
aurrerazaleekin. Jolasa zuen bitarteko nagusi, bai baitzekien zeinen kontu
serioa zen jolasa haurrentzat. Musika jolasa zen irakaslearentzat. Aitzindaria
izan zen. Aurrean zituen umeen beharrei erantzuteko sortu zuen ikasmateriala,
Xirula Mirula, Xixupika eta Lau katu eta danbor bat, eta Euskal Herri osoko
milaka haurren soinu banda bilakatu da azken lau hamarkadatan. Kontxi Aizarna
irakasle eta emaztea lagun, azkenak eman arte, sortu du, goxo-goxoro, isil-isilik,
ningi ningi nin ningi ningi nin, gauean kantari, ningi ningi nin ningi ningi
nin, izarrari. Eta orain, betikotu da. Onak ez du iraungitzen, eta gaurko
haurrek betiko kantuekin jarraitzen dute gozatzen, ikasten, dantzatzen,
hunkitzen, jolasten, abesten, bizitzen finean. Emozioak ez dira modaz pasatzen.
Izan dira omenaldiak —2002an Andoni Egañak Luzea da bidea
biografia idatzi zion, Gipuzkoako Aldundiak Abbadia saria eman zion 2007an,
Durangoko Azokak Argizaiola 2010ean, 2013an musikariek Bakarrik eta libre
diskoa egin zioten bertsioekin, 2014an Zarauzko ikastolaren omenaldia jaso
zuen...— , eta etorriko dira gehiago, merezitakoak guztiak. Omenaldirik onena,
irakasle bakoitzak bere gelan, bere ikastetxean egin diezaiokena, txiki, txiki,
txikia, ikusten naiz kalean. Handitzen handitzen, hasi naiz handitzen, txikia
izanik... abestu, gozatu, jolastu, eta haur bakoitzak duen onena ateratzen
laguntzea. Zer da bada, irakasle izatea?
Eta hortxe, Imanol Urbieta, bakarrik eta libre badoa,
bakarrik eta libre gaztea, poltsikoan eskuak, oinak arrastaka, luzea da bidea…
beti arte Manolo!
Hik hasi /albisteak
No hay comentarios:
Publicar un comentario